lunes, 3 de octubre de 2016

3. ETAPA: Aurkikuntzak aurkeztu

  Azken atal honetan, nire kartografia sakonki aztertuko dut. Hasteko, 6 multzo nagusitan banatu dut. Multzo hauetan, nire ikaskuntza esperientzietako momentu batzuk azaltzen dira. Argazki bakoitzak, niretzako garrantzitsuenak izan diren ikaskuntza prozesu ezberdinak irudikatzen ditu, laburbilduz hauek: etxean familiakoekin emandakoa, lagunekin emandakoa, atzerrira joan naizenean emandakoa, eskolan emandakoa, gainontzeko familiarekin emandakoa, eta oporretan familiarekin emandakoa.  Argazkietan, ez dira azaltzen ikaskuntza prozesu bakoitzean parte hartu duten pertsona guztiak edota leku guztiak gehiegi izango zirelako horiek denak jartzea… Horregatik argazki horietan naiz eta ez azaldu familia guztia edo lagun guztiak, argazkiek hauek denak irudikatzen dituzte.
          Argazki hauekin batera, multzo bakoitzean hitz batzuk sartu ditut: berdez zein ingurune den adierazi dut (adib.: familia eta etxea; lagun berriak,  atzerria…), eta urdinez berriz, momentu horietan ikasi ditudan balore eta ikaskuntzak (adib.: laguntza, konfiantza, morala, bateratasuna, kirolak…). Hitz hauetako batzuk multzo desberdinetan errepikatzen dira, dena lotuta baitago eta denetan gauza antzekoak ikasi ditudalako, hala ere, nahiz eta hitzak errepikatu, ikasi diren ikaskuntzak ez dute zertan guztiz berdinak izan, bakoitza era desberdinera ikasi baitut (adib.:  agian ez dira berdinak izango familiarekin ikasi dudana edo lagunekin ikasi dudana, nahiz eta gaia berdina izan, baina biak bata bestearen osagarriak izango dira).
        Familia ikaragarri garrantzitsua izan da niretzat, azken finean bakoitzaren hezkuntza eta hazkuntza etxean hasten baita bertan emandako ikaskuntza prozesuetan, eta beti egon direlako nire ondoan, beti laguntzen, aholkatzen, konfiantza ematen, balore asko irakasten (maitasuna, errespetua, morala, elkarbizitza, bateratasuna, askatasuna…)… nahiz eta askotan agian ez nintzen ohartzen.
         Lagunekin ere ikaragarri ikasi dut, batez ere bizi izan ditugun gertaera guztiengatik. Hauengatik, balore asko ikasi ditut, batez ere hauei buruz: berdintasuna,laguntasuna, errespetua, morala, indarra, konfiantza, maitasuna, benetakotasuna, laguntza, arazoak konpontzen…
         Atzerrian emandako ikaskuntza prozesuak ere asko izan dira, batez ere mentalitatea irekitzeko balio izan dit, beste errealitate batzuk daudela ikusteko. Baita ere, asko ikasi dut kultura ezberdinei buruz, pentsatzeko era desberdinak… eta beste hainbat balore ere ikasi ditut honen bidez: elkarbizitza, konfiantza, bakoitzaren independentzia, jendearengan gehiago irekitzea, lotsa galtzea…                    Eskolan ere ikaragarri ikasi dut, alde batetik jakintza asko teoria eran (gauza askotaz nahiz eta jada ez naizen batere gogoratzen) eta beste hainbat eskolako eguneroko elkarbizitzan eta lanetan: arreta jartzen, urduritasuna nahiko kontrolatzen, laguntza, laguntasuna, errespetua, konfiantza, ikasten ikasiz, kirolak egiten, dantzan (ez eskolan baina bai dantzako ikastaroan)…
         Familiarekin oporrak ere jarri ditut, niretzako oso garrantzitsuak izan baitira, familiarekin egunerokotasunetik atera eta beste hainbat esperientzia eta ikaskuntza desberdin izateko aukera ona izan baita. Bertan naturari buruz asko ikasteko aukera izan dut, baita beste kultura batzuei buruz edo beste leku batzuei buruz ere, eta nola ez, elkarbizitzari eta bateratasunari buruz ere asko ikasi dut bertan (kanpingean, hoteletan…)
         Bukatzeko, nire gurasoen etxeak jarri ditut (baserria…), bertan asko ikasi baitut: naturari buruz, iraganeko bizitzari buruz, nire familiaren historiari buruz, animaliei beldurra galduz…

         Erdiko hitzekin lotu ditut 6 multzo hauek, erdian jarri ditudan hitzak eman izan baitira multzo hauetan edota kontzeptu horiek eragina izan dutelako ikaskuntza prozesu horietan eta alderantziz. Adibidez: momentu horietan eman diren gertaeren araberakoak izan dira nire ikaskuntza prozesuak, edota nire ikaskuntza prozesu horien araberakoak dira nire oroitzapenak…

                 Hau guztia esanda, inoiz baino argiago ikusi dut hau egin ondoren, izan ditudan ikaskuntza prozesuengatik naizela naizen bezalakoa. Hala ere hori alde batera utziz, kartografia egitean konturatu naiz, arlo akademikoan (eskola barruan) ikasitakoak zein eguneroko bizitzan (eskolaz kanpo) ikasitakoak biak direla berdin-berdin baliagarriak: nik kanpoan ikasitako naturari buruzko errealitateak erabiltzen nituen adibidez biologia ikasteko edo honi buruzko galderak erantzuteko eta eguneroko bizitzan ikasitako baloreak aplikatzen nituen klasean: errespetua, laguntza eskaintzea… Bestalde, klasean ikasitako jakintzak eguneroko bizitzan ikusten nituen gauzei aplikatzen nien: hitz batzuen esanahia ikasi bagenuen eskolan eta eskolatik kanpo irakurtzen banituen banekien beraien esanahia, edota ikasten genituen jakintzak eguneroko bizitzan esperimentatzeak ilusioa egiten zidan horrela gainera hobeto ikasteko aukera bainuen, ikaskuntza esanguratsua emateko aukera ona izaten baitzen.
          Laburbilduz, biengandik (kanpoko eta barneko ikaskuntzengandik) ikasten dugu eta gainera bata bestea osatzen dira (bakoitzak bere zatitxoa, ikaskuntza, aportatzen du), honegatik oso garrantzitsua iruditzen zait hau kontutan hartzea eta beraz, ez diot garrantzi gehiago emango teorian unibertsitatean ikasi dudanari,kanpoan eguneroko bizitzan ikasi dudanari baino. Hori haurrei jakinaraztea ere garrantzitsua iruditzen zait, bestela handitzean eguneroko bizitzako ikaskuntzak alde batera uztera jotzen baitute gehienok edo alderantziz, askotan ematen duenez eskolan teoria bakarrik ikasten dela eta gero hori ahaztu egiten dela hau ere alde batera uztea gertatu liteke.

         Irakasle naizenean, haurrei teoria irakasteari eta eguneroko bizitzan hainbat egoeretan ematen diren beste hainbat jakintzei garrantzi berdina ematea eta beraiei ere honen jakitun egitea iruditzen zait egokiena ariketa hau egin ondoren.

         Amaitzeko esan beharra daukat, jendea honi buruz konsziente egiteko, ariketa oso egokia iruditu zaidala kartografiarena. 

2. ETAPA: Datuak antolatu.

Horrelaxe geratu da nire kartografia: kartulinaren bi aldeetan argazkiak jarri ditut eta beraien azpi edo gainaldean, hitz batzuk jarri ditut. Berdez, argazki horietan azaltzen diren momentuetako eszenarioa adierazi dut, momentu horiek niretzako ze pertsona eta zein toki errepresentatzen dituzten azalduz, eta urdinez berriz, beraiengandik eta beraiekin ikasi ditudan ikaskuntza edo esperientzia batzuk.

Kartulina erdian, nirezat ikaskuntzari lotuta dauden hitzak jarri ditut, koadernozko horriekin egindako geziekin momentu bakoitza hitz horiekin lotuz. Koadernozko orriekin egin ditut, betidanik ikasteko era erakargarriagoa iruditu zaidalako paperean egitea ordenagailuan baino eta beraz, eskolako ikasketa prozesua gogorarazten didalako.

Argazkian ez dira ondo apreziatzen, baina arkatzez goian eguzki bat marraztu dut eta beheraldean ilargi bat, errepresentatuz egunero ematen direla ikaskuntza prozesuak. Mendi eta lore batzuk ere egin ditut azpikaldean natura eta ingurunea adieraziz, nire inguruneak nire ikaskuntzan izan duen eragina adierazteko. Baita ere, goialdean pertsonatxo batzuk egin ditut kolore ezberdinetako pinotxo paperaz, adieraziz, nire inguruko pertsonek eta inguruak izugarrizko eragina izan dutela nire ikaskuntza prozesuan, eta kolore ezberdinez egin ditut bakoitzak izan duen ikaskuntza prozesua dela eta pertsona guztiak desberdinak direla adieraziz.


Azkenik, erdiko hitz gorri horiek ere bata besteen artean arkatzez lotu ditut, nire ikaskuntzan hitz horiek bata bestearekin lotuta eman direlako, azkenean ikaskuntzan denak batera ematen direlako.

1. ETAPA: Datuak analisatu.


            Klasean taldeka bildu ginen eta ikaskuntza esperientzien ebidentziei buruz elkarrizketan aritu ginen: bakoitzak zeintzuk aukeratu zituen eta zergatik azaldu genituen. Azkenean, oso elkarrizketa sakona izaten amaitu genuen, bertan ondoren aipatuko ditudan ondorioak ateraz.

            Ohartu gara, denok beti zerbait ari garela ikasten: familian, lagunekin, eskolan… iruditzen zaigula zerbait teorikoki ikasten ez badugu ez garela ari kasten, baina bizitzan zehar ordea hori ez da horrela, lagunekin arazo bat daukagunean ere ikasten ari gara, familiako norbaitekin oporrei buruz hitz egitean zerbait bitxia kontatzen digutenean edo guri horrelakoren bat gertatzen zaigunean ere ikasten ari garela… Ohartu gabe gertatzen diren ikaskuntzak dira. Esperientzia horien bidez ikasten dugu eta garen bezalakoak bihurtzen gara.

            Bizitzan zehar, egunerokotasunean, ikaskuntza esanguratsua ematen da, hau da, eguneroko momentuetatik ikasten ditugun jakintzak, gertatu direlako edo kontatu digutelako, edo beste era batera esanda, esperimentatu ditugulako ikasten ditugu. Ikasteko era hau guztiz lotua dago informazio eta komunikazioen teknologiekin, azkenean, hauek teorian ikasi behar dena praktikan jartzeko aukera ematen baitute: bideoak sortuz, jokoak… esperientziak sortzen dituzte eta hauetatik asko ikas daiteke.


            Amaitzeko, esan beharra daukat, egunero ikasten dugunez, ikaskuntza prozesuan faktore askok eragiten dutela, eta horregatik ditugula denok jakintza ezberdinak. Hau da, denon egunerokotasuna ezberdina da eta bakoitzak gauza ezberdinak ikasten ditu bertatik: familia ezberdinak dauzkagu, etxebizitza ezberdinak dauzkagu, ingurune ezberdina, ekonomia ezberdina, esperientzia ezberdinak…

0. ETAPA: Datuak jaso.

Ikerketa tailer hau aurrera eramateko, irakasleak gure ikaskuntzaren kartografia bat egiteko esan zigun. Horretarako, gure ikaskuntza esperientzien ebidentziak jaso behar genituen. Nik ebidentzia hauek argazki eran jaso nituen: nire bizitzan zehar nola ikasten dudan gogorarazten zidaten argazkiak bildu nituen. Hasiera batean pentsatu nuen nire ikaskuntza esperientzia gogorarazten zidaten objektu edo lekuei argazkiak ateratzea, baina ondoren hobeto pentsatu eta nahiago izan nuen nire ikaskuntza esperientzien momentuak irudikatzen zituzten argazkiak biltzea, azken finean momentuetan ikasten baitugu.

            Ebidentzia horiek sortzea erraza izan zen, baina aldi berean zaila ere bai, argazki asko bainituen eta denek gogorarazten baitzidaten ikaskuntza esperientziaren bat. Hala ere, azkenean argazki batzuk aukeratu nituen, eta aukeratutako argazki bakoitzak  ikaskuntza esperientzia multzo batzuk islatzen dituzte. Amaitzeko, argazkiak errebelatu nituen ondoren kartografia kartulinan egitea erabaki nuelako. Hau guztiaz aparte, momentuez gain, bizitzan zehar ikaskuntza esperientzietan erabili nituen beste hainbat objekturekin dekoratzea ere erabaki nuen: pinotxozko papera, koaderno orriak…



            Datuak jasotzearen ikerketa fase honetan murgilduz, momenturo gauza asko ikasten ditugula ohartu naiz, eta gainera gehienetan oharkabean ikasten dugula.



domingo, 18 de septiembre de 2016

IKERKETA TAILERRA

           Gaur egun, askotan, eguneroko bizitzan eskoletatik kanpo ikasten ditugun jakintzei ez diegu garrantzi askorik ematen. Pentsatzen dugu, liburuetatik kanpo edo irakasleek erakusten diguten jakintzetatik kanpo dauden ikaskuntzak ez dutela askorik balio gure bizitzarako, eta askotan, jakintza hauetako asko gutxiesten ditugu arlo akademikoetan ez erabiliz. Hau garbi ikusten da egin diren ikerketa batzuetan: irakasle batzuek arlo akademikoaren barruan ikasten zituzten gauzak kanpora eramaten zituzten, baina ez zituzten kanpoan ikasitako jakintzak institutuan erabiltzen.

            Hau ordea, ez zen horrela izan beharko, adibidez, musika instrumentu bat jotzen ikastean bezala: batzuk musika eskolan hasiko dira ikasten hau nola jo, beste batzuk etxean beraien kabuz edo lagun batek erakutsita era informal batean. Azkenean, era batera edo bestera, bi kasuetan instrumentua jotzen ikasten duzu eta hauetako ikasteko modu bat ez da bestea baino gutxiago, biak dira oso baliagarriak nahiz eta ez izan berdinak.  Hau guztiagatik, oso garrantzitsua litzateke gure ikaskuntzak lotzea, horrela elkarren osagarri izanez eta gure eginbeharrak hobeto burutzeko erabiliz.

            Irakasgai honetako ikerketa tailer honetan, gai hau jorratuko dugu. Oso interesgarria iruditzen zait, gaur egun askotan gertatzen zaigun zerbait delako eta ez baikara konturatzen. Gainera, alde positibo asko dituela iruditzen zait, azken finean eguneroko bizitzan askotan erabiliko dugun ekintza bat delako ikaskuntzak lotzea eta oraindik gehiago irakaskuntzan jardun behar badugu.

            Bestalde, esan beharra daukat beldur pixka bat ere ematen didala, ez dakidalako nola izango den edo zer egingo dugun, eta horrek beti ematen du urduritasun puntu bat. Nire ustez, bizitzan zehar ikasitako ikaskuntza desberdinak nola ikasten ditugun eta nola lotzen ditugun beraien artean bata besteak osatuz aztertuko dugula, baina ez nago  ziur. 

            Tailer hau, erronka bat iruditzen zait, denok ez ditugunez ikaskuntza eta esperientzia berdinak, gaia pixka bat abstraktua eta nahiko orokorra iruditzen zaidalako.

Hasteko, irakasleak kartografia bat egitea proposatu digu: gure ikaskuntza prozesuak azaltzen dituen zerbait sortzea. Kartografia honetan, gure ikaskuntza prozesu nagusienetakoen ebidentzia batzuk bildu behar ditugu. Ebidentzia hauek gure ikaskuntza hori islatzen duen edozer gauza izan daitezke.