3. ETAPA: Aurkikuntzak aurkeztu

  Azken atal honetan, nire kartografia sakonki aztertuko dut. Hasteko, 6 multzo nagusitan banatu dut. Multzo hauetan, nire ikaskuntza esperientzietako momentu batzuk azaltzen dira. Argazki bakoitzak, niretzako garrantzitsuenak izan diren ikaskuntza prozesu ezberdinak irudikatzen ditu, laburbilduz hauek: etxean familiakoekin emandakoa, lagunekin emandakoa, atzerrira joan naizenean emandakoa, eskolan emandakoa, gainontzeko familiarekin emandakoa, eta oporretan familiarekin emandakoa.  Argazkietan, ez dira azaltzen ikaskuntza prozesu bakoitzean parte hartu duten pertsona guztiak edota leku guztiak gehiegi izango zirelako horiek denak jartzea… Horregatik argazki horietan naiz eta ez azaldu familia guztia edo lagun guztiak, argazkiek hauek denak irudikatzen dituzte.
          Argazki hauekin batera, multzo bakoitzean hitz batzuk sartu ditut: berdez zein ingurune den adierazi dut (adib.: familia eta etxea; lagun berriak,  atzerria…), eta urdinez berriz, momentu horietan ikasi ditudan balore eta ikaskuntzak (adib.: laguntza, konfiantza, morala, bateratasuna, kirolak…). Hitz hauetako batzuk multzo desberdinetan errepikatzen dira, dena lotuta baitago eta denetan gauza antzekoak ikasi ditudalako, hala ere, nahiz eta hitzak errepikatu, ikasi diren ikaskuntzak ez dute zertan guztiz berdinak izan, bakoitza era desberdinera ikasi baitut (adib.:  agian ez dira berdinak izango familiarekin ikasi dudana edo lagunekin ikasi dudana, nahiz eta gaia berdina izan, baina biak bata bestearen osagarriak izango dira).
        Familia ikaragarri garrantzitsua izan da niretzat, azken finean bakoitzaren hezkuntza eta hazkuntza etxean hasten baita bertan emandako ikaskuntza prozesuetan, eta beti egon direlako nire ondoan, beti laguntzen, aholkatzen, konfiantza ematen, balore asko irakasten (maitasuna, errespetua, morala, elkarbizitza, bateratasuna, askatasuna…)… nahiz eta askotan agian ez nintzen ohartzen.
         Lagunekin ere ikaragarri ikasi dut, batez ere bizi izan ditugun gertaera guztiengatik. Hauengatik, balore asko ikasi ditut, batez ere hauei buruz: berdintasuna,laguntasuna, errespetua, morala, indarra, konfiantza, maitasuna, benetakotasuna, laguntza, arazoak konpontzen…
         Atzerrian emandako ikaskuntza prozesuak ere asko izan dira, batez ere mentalitatea irekitzeko balio izan dit, beste errealitate batzuk daudela ikusteko. Baita ere, asko ikasi dut kultura ezberdinei buruz, pentsatzeko era desberdinak… eta beste hainbat balore ere ikasi ditut honen bidez: elkarbizitza, konfiantza, bakoitzaren independentzia, jendearengan gehiago irekitzea, lotsa galtzea…                    Eskolan ere ikaragarri ikasi dut, alde batetik jakintza asko teoria eran (gauza askotaz nahiz eta jada ez naizen batere gogoratzen) eta beste hainbat eskolako eguneroko elkarbizitzan eta lanetan: arreta jartzen, urduritasuna nahiko kontrolatzen, laguntza, laguntasuna, errespetua, konfiantza, ikasten ikasiz, kirolak egiten, dantzan (ez eskolan baina bai dantzako ikastaroan)…
         Familiarekin oporrak ere jarri ditut, niretzako oso garrantzitsuak izan baitira, familiarekin egunerokotasunetik atera eta beste hainbat esperientzia eta ikaskuntza desberdin izateko aukera ona izan baita. Bertan naturari buruz asko ikasteko aukera izan dut, baita beste kultura batzuei buruz edo beste leku batzuei buruz ere, eta nola ez, elkarbizitzari eta bateratasunari buruz ere asko ikasi dut bertan (kanpingean, hoteletan…)
         Bukatzeko, nire gurasoen etxeak jarri ditut (baserria…), bertan asko ikasi baitut: naturari buruz, iraganeko bizitzari buruz, nire familiaren historiari buruz, animaliei beldurra galduz…

         Erdiko hitzekin lotu ditut 6 multzo hauek, erdian jarri ditudan hitzak eman izan baitira multzo hauetan edota kontzeptu horiek eragina izan dutelako ikaskuntza prozesu horietan eta alderantziz. Adibidez: momentu horietan eman diren gertaeren araberakoak izan dira nire ikaskuntza prozesuak, edota nire ikaskuntza prozesu horien araberakoak dira nire oroitzapenak…

                 Hau guztia esanda, inoiz baino argiago ikusi dut hau egin ondoren, izan ditudan ikaskuntza prozesuengatik naizela naizen bezalakoa. Hala ere hori alde batera utziz, kartografia egitean konturatu naiz, arlo akademikoan (eskola barruan) ikasitakoak zein eguneroko bizitzan (eskolaz kanpo) ikasitakoak biak direla berdin-berdin baliagarriak: nik kanpoan ikasitako naturari buruzko errealitateak erabiltzen nituen adibidez biologia ikasteko edo honi buruzko galderak erantzuteko eta eguneroko bizitzan ikasitako baloreak aplikatzen nituen klasean: errespetua, laguntza eskaintzea… Bestalde, klasean ikasitako jakintzak eguneroko bizitzan ikusten nituen gauzei aplikatzen nien: hitz batzuen esanahia ikasi bagenuen eskolan eta eskolatik kanpo irakurtzen banituen banekien beraien esanahia, edota ikasten genituen jakintzak eguneroko bizitzan esperimentatzeak ilusioa egiten zidan horrela gainera hobeto ikasteko aukera bainuen, ikaskuntza esanguratsua emateko aukera ona izaten baitzen.
          Laburbilduz, biengandik (kanpoko eta barneko ikaskuntzengandik) ikasten dugu eta gainera bata bestea osatzen dira (bakoitzak bere zatitxoa, ikaskuntza, aportatzen du), honegatik oso garrantzitsua iruditzen zait hau kontutan hartzea eta beraz, ez diot garrantzi gehiago emango teorian unibertsitatean ikasi dudanari,kanpoan eguneroko bizitzan ikasi dudanari baino. Hori haurrei jakinaraztea ere garrantzitsua iruditzen zait, bestela handitzean eguneroko bizitzako ikaskuntzak alde batera uztera jotzen baitute gehienok edo alderantziz, askotan ematen duenez eskolan teoria bakarrik ikasten dela eta gero hori ahaztu egiten dela hau ere alde batera uztea gertatu liteke.

         Irakasle naizenean, haurrei teoria irakasteari eta eguneroko bizitzan hainbat egoeretan ematen diren beste hainbat jakintzei garrantzi berdina ematea eta beraiei ere honen jakitun egitea iruditzen zait egokiena ariketa hau egin ondoren.

         Amaitzeko esan beharra daukat, jendea honi buruz konsziente egiteko, ariketa oso egokia iruditu zaidala kartografiarena.

                     

No hay comentarios:

Publicar un comentario